XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SATOR BILTZAILE AHETZEKO Betidanik, Ahetze, Lapurdiko herri polit hori, kostaldeari hain hurbil, laborari, baserri giroan bizi izan da.

Laborari bati galdegiten baduzu, zein duen lurpeko etsairik haundiena, satorra dela erranen dizu. Segur eta fida!.

Satorra, animale ttipi eta xume hori, bere larru beltz eta goxoarekin, laborarien etsaia omen da!.

Ba pentsa! Lurpeko mamutx, har eta xixarientzat kaltegarria da; ez landareentzat, are gutiago gizonarentzat!....

Egiten duen kalte haundiena lurpetik pusatu lur fresko metatxoak, puloak, pentzeetan, non nahi uztea da.

Ez zen horrela mintzatu, behin, Ahetze aldera agertu zen laborantxako teknikalari berria.

Baizik eta, satorrek, laborantzan makur haundiak egiten dituztela: lurra xehatzen, landareak errotik jaten, eta kasu, lapina bezain fite bizia eman eta hedatzen zirela!.

Laborariak ez baziren, berehala, satorren kontra jazartzen, baserriaren geroa, eta horrekin, gizonaren bizia, hirrisku handian ezart zezazketela.

Aheztar laborariak, orain arte trankil eta lasaiki bizi izan baziren, satorretaz hainbat arduratu gabe, hitz horiek entzutean, beldurtu ziren.

Jendea, ez zen egun haietan satorren kontrako gerlaz baizik mintzatzen, lurpeko etsai horien aurka nola borrokatu?.

Nolakoak ote ziren, ttipiak, haundiak, xuriak, beltzak?.

Nola bizi ziren? Nola mogitzen? Taldeka ala bakarka atakatzen ote zuten? Nola hil behar ziren.......